Paradoxa izan da agian José Bergamínen adierazpen poetikorik nagusiena, eta badirudi izan dituen gorabehera biografikoak, kontraesanez eta zentzugabekeriez hain beteak, paradoxa hori zuritzeko bide besterik ez direla izan. Ezin da Bergamínen bizitzan sartu hainbeste aldiz eta hain era ezberdinetan adierazi zuen esaerari jaramonik egin gabe: “sustraiak bilatzea askotan adarretan ibiltzearen beste modu bat da”.
Paradoxikoa izan zen komunismoaren inguruan ibili eta militante katolikoa izan zenean. Paradoxikoa izan zen katalogagaitzeko generoetan egin zituen idazkera saioak, Juan Ramón oinarri hartuta egindako aforismoetan lehendabizi eta herrikoi eta machadotarretan gero. Poesia eta teatroa tratatzeko era ere, oso genealogia zailekoa da, sonetoetan izan ezik. Arrazoi eta eldarnioaren artean eraikitako literatura eta arteari buruz dituen testuen argitasuna zer esanik ez. Paradoxikoa izan zen bere garaiko idazleekin izan zuen harremana. Juan Ramón Jimenezenganako maitasuna eta gorrotoa. Kanoiztatze akademikoan izan zuen posizio sailkaezina. 27ko belaunaldiko idazle gisa 98koei lotuta, Errepublikako belaunaldiari, ez dakit zein kanoni lotuta edo zein kutxatan sartuta. Egia dena da Unamuno, Machado, Juan Ramón, Gómez de la Serna, Falla, Lorca, Picasso eta Buñuelekin izan zituen harremanak beti izan zirela grinatsuak. Gogora dezagun hemen bera izan zela aukeratua Antonio Machadoren obra osoaren lehen edizioa eta Federico García Lorcaren Poeta en Nueva York liburua egiteko atzerritik.
Madrilen eta, berari gogoratzea gustatzen zaion bezala, gauez jaio zen 1895. urtea amaitzear zegoela. Umetatik bizi behar izan zuen politika eta erlijio iskanbilen artean. Bere aitaren jarduera politikoak, Malagako kantoiko presidente izatera iritsi baitzen, eta amak bizi zuen fede erlijiosoak, etxean zeremonia katolikoekin etengabeko festa baitzegoen eta Bergamínek bere haurtzaroko jolas gisa gogoratzen baititu zeremonia haiek, munduaren ikusmolde alegorikoa eratu zuten poeta gaztearengan. Eroriko baten ondorioz, 1980an, izter hezurra hautsi zuen eta Huelvako Aracena mendilerroko Fuenteheridos herrira erretiratu zen eta, gero, Donostia eta Hondarrabiara, azken herri horretan hil zelarik egun eguzkitsu batean, 1983ko abuztuak 28 zituela. Haurtzaroko lehen oroipena ere eroriko baten ingurukoa da: “nire hezurduraren aurkikuntza. Oso txikia nintzela erori egin nintzen. Min asko hartu nuen lurra biguna zela uste nuelako, baina gogorra gertatu zitzaidan. Min handia sentitu nuen eta hezurretan sentitu ere”. Horixe zen bere bizitzaz zuen ikuspena, leku batetik bestera zabuka ibili zuen eroriko etengabe batena. Ikuspen mistiko eta arrotza. “Bizi naiz ez dudalako eduki non hilda erori”, gustatzen zitzaion esatea.
Bizitzaren ikuskera teologiko hori, munduaren ikuspen teokratiko hori, bere bizitzako lehen urteetan begiak estaltzen zizkiona -estalinismoaren aldeko izatea, Gide akusatzea, POUMen eta anarkistak salatzea, etab.- estalki babesle bihurtu zen ikuskariaren aurrean, balio handiko tresna munduaren ordena berrian sartzeko 1945etik aurrera, Auschwitz eta Hiroshimaren ondoren. Horrela ulertzen da Asturiasen 1963an egin zuten grebaren aurka izan zuen jarrera zuhurra, Parisen 1968ko maiatzeko gertakizunak berehala ulertzea, iragaite politiko espaniarrak berarekin zeraman iruzurra zorrozki salatzea. Mozorro hori, batzuetan ilun-iluna eta besteetan argixeagoa, fedearen ezaugarria da, baina era berean paradoxaren baliabide bat ere, zentzugabekeriaren pertika, itzulipurdiak egiteko balio diona, adibidez espaniartasunaren funtsezko baiestapenean oinarrituta nazionalismo abertzalearekin zakarki bat egiteko.
Urrezko tradizioaren, poesia herrikoiaren eta abanguardia modernoaren arteko bidegurutzeak interes berezia ematen dio bere produkzio literarioari. Nahiz poesian nahiz saiakeran trebetasun handiz zeharkatzen ditu ibilbide horiek. Zerbait adierazteko: Fronteras Infernales de la Poesía liburua poesia modernoaren arraila inauguralean disekzio trebea da, erretorika eta bizitza errotik bananduz; zezenketei, zezen eta toreatzaileei buruzko idatziak munduaren ikuspen poetiko gisa erabili ditu Michael Leirisek egin zuen bezala; eta bere aforismo kantagarri guztiek, produkzio poetiko guztia bustitzen dutenek, batez ere cante jondorako egoki daitezke, adibidez: “Esqueleto vivo/animado muerto,/sueño de una sombra/sombra de un sueño,//porque perseguido/porque persiguiendo,/el hombre es un vano/fantasma del tiempo” Enrique Morenteren ahotsean adibidez.
Giorgio Agamben filosofo italiarrak adierazten duen bezala, Bergamínek nor? arazoari buruz funtsezko galderak egiten asmatu zuenetako bat da. Mamu eta eskeletoaren figurak bakarrik aurkitu zituen onargarri, helduezinak, iheskorrak eta, noski, paradoxikoak badira ere. Paradoxarekin bizitze horren ondorioz, bere obra etengabeko eztena da munduan agintzen duen ordenaren kontra, errealitatea desakreditatzeko erabiltzen dituen ke bonbez eta suzko jolasez betetako kaxa.
Pedro G. Romero